Iñigo Urkullu

Aurrekoa Hurrengoa

Uzt 01

Radio Nacional eta Mirotzak

Radio Nacional eta Mirotzak

Joan den asteko zurrunbiloa pasatzen uzteko asmoz egun batzuk igarotzen utzi dut aurrekoan esan dudan bezala. Oraingo honen bitartez bitxikeria bat kontatu nahi dut. Aste honetako astelehen goizerako Radio Nacional-ek egin beharreko elkarrizketa bat nuen hitzartua. Ez da lehenengoz Radio Nacional-ek Juan Ramon Lucas-ek zuzentzen duen "En días como hoy" programaren bitartez elkarrizketatu egiten nauana. Eta oraingo honetan ere elkarrizketa girotzeko zein abesti aukeratuko nukeen galdetu zidaten. Bada aurrekoetan Brian Adams, Bruce Springsteen, Bob Dylan edo Benito Lertxundi aukeratu ditudana. Ez da, ez, "b" hizkiaz hasten direlako bere izenak. Kasualitatea besterik ez da.



Joan den igandean zer abesti aukeratuko nukeen galdetu zidatenean lau abesti eman nituen aukeran: Benito Lertxundi-ren "Mirotzak", Bruce Springsteen-en "Born in the U.S.A.", Anje Duhalde-k Xalbador-en "Ama Euskal Herria"-ri egindako moldaketa eta, azkenik, Maná-ren "Vivir sin aire". Ez dut esango zergatik igandean eta bapatean lau abesti hauek esan nituen. Bakoitzak pentsa dezala!

Astelehenean elkarrizketa girotzeko jarritako abestia Benito-ren "Mirotzak" izan zen. Zoragarria! Herri batek bere seme-alabak garaipenerako bidean (Orio-k bere traineru/lehia-ontzia kasu honetan), bere ezaugarriak goraipatuz eta poz eta minez egin beharreko bidean ez direla inoiz bakarrik joango azpimarratu egiten duelako aukeratu nuen abesti hau.

Elkarrizketalariak zer hizkuntza ederra den euskera esan zidan eta nik Benito Lertxundi euskal kantagintzan kantagilerik eta lehenetarikoa entzuten izan nuela txikia nintzelarik esan nuen. Txikia diodanean txikia diot. "Ez dok hamairu"-ren lehen denporetakoa. Zuzenean izandako emanaldi baten gogoratzen dut Mungia-n bizi nintzenean 1968.ean oker ez banago, gutxi gora-behera hortik izango zela uste dut. (Mungiarren batek blog hau jarraitu ezkero eta emanaldi hartaz jakingo balu eskertuko nioke hobeto oroitzen lagunduko banindu. Zinema bi ziren Mungia-n, bat Matxin eta bestea Ibaigane (?), eta azken honetan -Zubikoa kafetegiaren aurrez-aurre zegoen- izan zen emanaldia eta Argoitia Anai-Arrebak ere izan zirela uste dut. Horrela bada nik oraindik ez nituen zazpi urte beteak ere).

"Mirotzak". Astelehenari non eta Radio Nacional-en hasiera emateko. Zoragarria!

Idatzi ohar bat

Pribatutasun politika
Urkullu.eu blogak formulario honen bidez sartutako datu guztien segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen du eta hori guztiori, Datuen Babesari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.Nahi izanez gero, Legean agertzen den sarbide, zuzenketa eta deusestapen eskubideak erabil ditzakezu, mezu bat hona zuzenduz: internet@eaj-pnv.eu.

Iruzkinak (6)

  • 1 Txaga 2009/07/06

    Aupa Iñigo!
    Orioko Arraunlariei egindako "mirotzak" (aguiluchos) aukeratzeak izugarri poztu nau! Oiloipurdiak jartzen dizkigu abesti honek oriotarroi, ikusten dudanez zuri ere zerbait ikutu dizu barrukaldean.
    Arraunlarien palada bakoitzean jarraitzaile guztiek indarra eta animoa jartzen duten moduan. Gu ere alderdiak ematen duen pauso bakoitzean animoa eta indarra jartzen egongo gara.
    Uztailaren 18an Benito Orion izango dugu kantari. orioko kontzertuak bereziak izaten dira... gonbidatua zaude! Bejoindizula!
    Eta, nola ez, aupa orio!!

  • 2 ostadar 2009/07/01

    Pertsona bakoitza mundu bat da. Ondo iruditzen zait Iñigori Manaren musika gustatzen zaiola. Niri baita ere gustatzen zait Manaren musika, batez ere, beraien oso polita abesti bat dago "Labios compartidos".
    Dena den, Izaskun Bilbaok pasa den hauteeskundeetan esan zuen Flamenkoa gustatzen zitzaiola "sobre gustos no hay nada escrito" Zorionez, Munduan musika asko dago entzuteko.

  • 3 kae 2009/07/01

    Jose, barkatuko deustazu " atrebentzia" baina ni zure harridurak harritzen nau. Zergatik ez ote jako Mana gustatu behar? Agian danok daukagu aurreritxi lar izateko pekatua ( ni barne, jakina!) Euskaldunok, beti ibili behar ote dogu Benito Lertxundigaz bueltan, ala? . Hau, errespetu handiz esaten dot, baina bestelako musika dago Euskal Herrian eta munduan. Gizona ez da ogi hutsagaz elikatzen , ez da?

    Bestetik, esan, nik bai uste dodala elkarrizketak RNEn, El mundon, EL Correon eta " La Gaceta de Chinan" emon behar doguzala; hori bai, beti kontu handiz eta ahaztu barik harri baten azpian jarri gura gaituela. Gure lana eta gure ardura da arerio, kontrako eta klase guztietako etsaien aurrean zutik, irmo , tente mantentzea.

    Gauza bat hausnarketarako: Iñigok esan dau elkarrizketatzaileak esan ebala "zer hizkuntza ederra den euskera! " ( suposatu gura dot admirazioz esan ebala eta horregatik marka) . Bale!, ederto!. Elkarrizketatzaileak hizkuntzaren edertasuna miresten dau eta gu pozik gagoz horregaitik.Jakin gura neuke nik horregaz batera gure hizkuntzak merezi dauan errespetua ete datorren.....

  • 4 ostadar 2009/07/01

    Iñigo, irratiko elkarrisketan abesti aukeratzea modan egongo da. Niri gustatzen zaizkit edozein musikak, heavy izan ezik.
    Banekien Munguian txikitan bizitzen zinela eta zure amuma herri horretan okintza ezaguna izan zen. ¡¡Ze polita oraindik gogoan daukazun zure haurtzaroa!! Haurtzaroan bizitzak ez omen du burukominik sortzen.

  • 5 Jose 2009/07/01

    Mana? Mana gustatzen zaizu?? jo, zer nolako sorpresa.
    Beste kontu bat, RNEn, El Mundo, El Correo-n....bezalako komunikabieetan elkarrizketak egin behar ditugula uste duzu? gurekin oso txarto aritzen dira beti...beti guri buruz txarto esaka etb...merezi dute elkarrizketak eskaintzea?

  • 6 Miren 2009/07/01

    Zein abesti politak Iñigo.... benetan.
    Niri ere mota horretako abestiak asko gustatzen zaizkit eta egia da astelehen bat mota honetako abestiekin gusturago hartzen da.